lunes, 6 de diciembre de 2010

POETAREN GORAZARREA

Ez daukat gorazarre asko egiteko ohiturarik aspaldian. Baina duela egun batzuk Spinozaren bat atera zitzaidan barrutik, eta gaur, Xabier Lete hil denez, beste hau datorkit burura. Badira urte batzuk aitarekin Juan Mari Lekuonaren txarla batean izan nintzela. Juan Mari, aitaren lagun -berak ezkondu zituen ama eta biak gainera- zen herri "gaixo" honetako jakitun handiena, hain zuzen ere literatura oralaren mundu askotan ahaztuan (ez bainaiz ari gaurko bertsolaritzaz, baizik beste zerbaitetaz). Eta berak esan zuen afirmazio tajante hau: euskal poetak izan daitezke onak, oso onak, edo Gandiaga. Nik ordea, beraren hitzak aldatuz, esango nuke: izan daitezke onak, oso onak, eta Xabier Lete.
Inoiz ez zaizkit gehiegi interesatu euskal poeta kaletarrak. Ari naiz Arestiri buruz, eta baita lehenago Lizardi eta Lauaxeta bezalako hibridoez. Eta nola ez gaurko panteoian dauden batzuez ere: Atxaga, Sarrionandia... Ni gehiago izan naiz "literatura oral" horren jarraitzailea. Literatura bat, hau da, mundu berezi bat, gaurko bertsolaritza eta "euskal literatura" deitzen den munstro fantastiko horren beste aldean dagoena. Xalbador, Lazkao-txiki, Manuel Lasarte (bizirik dagoen bakarra) dira munud eta mundukera horren gailurra, eta sublimazioa izan da Xabier Lete, kaletarra nahi bada, baina aldi berean atzeko guztien antologoa eta errota zaharrari tajuz eragin dion bakarra. Berak soilik idatz zezakeen Xalbadorren heriotza, non ematen den aditzera bizikera eta sentikera zahar horren antza:
Plazetako kantari
bakardadez josia,
hiltzen lihoa iruten
Bere barnean irauten
oinazez ikasia...
ikasia.
Xabier Lete ere bakarti hauetako bat genuen, biotz-bera, poesiaren hegoek antzaldatzen zutena aurrekoak bezala. Berari ere lotzen zaio, gainontzeko besteei bezala, poema eder horren hasiera: "Zure tristura nabari dut, keinu partikular gisan. Duintasunez hain tristea nola nahi zenuke izan".
Horrela ezagutu izan dut nik: triste, argal, hezurretan... borrokan beti bere gaitzarekin eta emaztearen gaitzarekin. Estoizismo permanentearen irudi, baina era berean mundu propio baten egilea, eta eskutik doana Cortázar maisuari ikusitako elkarrizketa batekin -danke, Fräu-, non beste poeta paregabe honek hitz egiten duen errealitatean biraka dabiltzan beste munduetaz, bere mundu arraroaz, beste aldera ere dagoen gizon bat bezala, bere eta gure mundu merke eta estuaren artean ateak irekitzen dituen horietako bat bezala. (Ai, Dantek bazekien mundu hauetan poeten eskutik soilik joaten ahal dela). Poetak-baina, badaki ez duela mundu horretako giltzarik; filosofoak baietz uste du, eta gainera ez dagoela beste mundurik, berak "sortua" baita dagoen mundu hoberena. Baina gai honekin ez dizuet matraka emango berriz.
Leteren mundua mundu tristea da, baina mundu bat, bere hizkera ezin egokiagoan (mundu horren arau abusrdoei zuzenki lotzen baitzaie) plazerra ematen duena. Zein hurrun dagoen poeta hau, poietes, el que crea no una obra de palabras sino las cosas mismas, gaur Durangoko ferian liburuak sina eta sina arituko diren hainbat eta hainbat sasipoetekin. Horiek, zeinak, Gil berak dioen bezala, bere pedalei begira doazen txirrindulariak baitiruditen. Bai, horrelaxe definitu zuen tuterarrak fenomeno bitxia: egungo euskal literatura deitzen dutena, alegia.
LL

No hay comentarios: