domingo, 19 de diciembre de 2010

ARROTZA

Gaur ama hil da. Edo atzo; ez dakit. Telegrama bat jaso nuen zaharretxetik: “Ama zendua. Lurperatzea bihar. Doluminak.” Baina ez du ezer esan nahi. Atzo izan zitekeen.

Zaharren egoitza Marengon dago, Argeldik laurogei kilometrora. Autobusa ordubietan hartu eta arratsalderako iritsiko naiz. Era horretan gorpua gaubelatu ahalko dut eta bihar gauerako izango naiz hemen. Bi egun eskatu nizkion nire nagusiari eta neurri hontako aitzakia batekin ezin izan zizkidan ukatu. Baina ez zuen kontentu itxura. Esan nion: “Ez da nire errua.” Berak ez zuen erantzun. Horrelakorik esan behar ez niola pentsatu nuen orduan. Azken finean, ez nuen zertan barkamena eskatu. Are gehiago: berari zegokion doluminak ematea. Baina bihar emango dizkit dudarik gabe, lutoz jantzita ikusten nauenean. Oraingoz, ama hil ez dela dirudi pixka bat. Lurperatzea eta gero, ordea, kontu amaitua izango da eta denak hartuko du tankera ofizialagoa.

Ordubietan hartu nuen autobusa. Bero handia egiten zuen. Celeste-renean, ohi dudan moduan. Denak penatu ziren nitaz, eta Celestek esan zidan: “Ama, ama da”. Banindoala-eta, ateraino lagundu zidaten. Pixka bat aztoratuta senti nuen nire burua, zeren Manuelen logelara igo beharra izan nuen korbata eta besoko beltz bat utz ziezadan. Manuelek osaba galdu zuen duela hilabete gutxi.

Autobusa hartzeko korri egin nuen. Logale nintzen presa eta korrika saioagatik, baita bozinazo, gasolina usain eta zeruaren dizdiragatik ere. Ia bidai osoa pas nuen lotan. Esnatzean, burua nuen militar baten sorbaldan jarria, zeinak parra egin eta urrutitik al nentorren galdetu zidan. “Bai” esan nion gehiago ez hitzegiteko.

Zaharren egoitza herritik bi kilometrora dago. Oinez egin nuen bidaia. Ama ikusi nahi nuen lehenik. Baina atezainak esan zidan derrigor nuela, lehenengo, zuzendariarekin egon. Lanpetuta baitzen, une batez itxaron nuen. Bitartean hizketan aritu zen atezaina, eta segituan zuzendaria etorri zen. Bere bulegora hartu ninduen. Ohorezko legiodun aguretxo bat zen. Bere begi argiekin begiratu zidan. Gero eskua zidan estutu, hain luzaro ezen ez baitnekien nola askatu haren eskutik. Paper batzuk aztertu eta esan zidan: “Meursault anderea duela hiru urte sartu zen hemen. Zu zintuen sostengu bakarra.” Iritzi nion zerbait leporatzen zidala eta esplikatzen hasi nintzen. Ez zidan utzi: “Ez duzu ezer justifikatu beharrik, seme. Zuen amaren txostena leitu dut. Ezin zenituen are beharrak ase. Erizain bat behar zuen. Soldata apala duzu. Eta, gainera, zoriontsuago zen hemen”. Esan nuen: “Bai, zuzendari jauna”. Berak gaineratu: “Badakizu, lagunak zituen hemen, bere edadeko jendea. Beste garai bateko kontuak gogorarazi zitzakeen haiekin. Zu gaztea zara eta aspertu egingo zen zurekin”.

Egia zen. Etxean zegoela, amak niri begira isilik pasatzen zuen denbora. Zaharretxean sartu eta lehenengo egunetan, erruz egin zuen negar. Baina ohituraren eragina zen. Handik hilabetera, negar egingo zukeen zaharretxetik atera bagenu. Ohituraren eraginez beti. Horregatik ia ez diot azken urtean bisitarik egin. Eta baita ere igandea kentzen zidalako – hainbat esfortzu kontutan hartu gabe: autobusera joan, billeteak hartu, bi orduko bidaia…

ALBERT CAMUS

No hay comentarios: