miércoles, 13 de octubre de 2010

Beste txori batzuk

Kuriosoa kontua. "Belearena" -ezdakitzenbatgarrenez- irakurtzen, aspaldi idatzitako ipuin bat gogoratu dut. BUPeko 3.ean edo COUn idatziriko ipuintxo bat, "Txoria" bezala gordeta daukadana. Eta txoriei buruz dihardugunez... Hain aspaldiko gauzak (aspaldiko izan beharko, zenbat denbora ez dudala ezer "literariorik" idazten...) erakusteak lotsa apur bat ere ematen du (beti naïve diruditen gauzak), baina bueno, idazteko nagikeria beste noizbait idatzirikoek konpentsatzen badute... gainera, ez da okerra noizbehinka gorderiko gauzatxoak erakustea ere, LL-k bere ipuintxoarekin egin digun bezala (hau ere, esan zigunez, aspaldi idatzia). Beste estilo bat da noski, eta gaia, ez dakit ba, ezer esatekotan, tripitero xamarra edo. Hemen ba "Txoria", y sean ustedes indulgentes, que es de época mu pichoncilla:

"Txoria nintzeneko garaia gogoratzen dut. Ez zioen inork ezer, hegalaldi luze eta geldiezinetan iragaten nuen denbora. Beste txorien erara egina nintzen, baina nire helburua hegaran egitea baino ez zen. Zergatik? Ez dakit. Baina txoria nintzen, kontzientzia nuen, eta denboraren iragatearen zentzuak amaigabeki aspertzen ninduen hegalaldi luzeetan. Horregatik bihurtu nintzen sator. Nola? Zer axola dio. Satorra nintzen eta lurrazpia zerua baino zentzuzkoagoa suerta zekikedalakoan nengoen, eta hortaz zulatu, zulatu eta zulatu egin nuen. Halako batean ibilgune zabal xamar batera heldu nintzen. Sator ugari usain zitezkeen bertan, guztiak norabide berean zihoaztela. Batek galdetu zidan: - Nora zoaz? Eta nik: -Ez dakit ba, edonora. Barrezka hasi ziren neurrigabeki. Baina ezberdinak ziren euren barreetan azpientzun zitezkeen sentimentuak. Gutxi batzuen barreak krudeltasun nahi bat ezkutatzen zuen. Besteenak ostera barre etsitu bat zirudien, negar ez egitearren eginiko barrea zirudien, eta nolabaiteko konplizitate batek kutsatzen zuen.

Barreengandik iheska, lurretan barneratu nintzen azkar, desagertzeko nahiak itsuturik. Oihu bat entzun nuen atzean: - Eh, ezin zara hortik joan, lur horiek pribatuak dira! ...luze zulatu ostean, lurrazalera irtetzea lortu nuen. Ez luzarorako ordea, muturra ageri bezain laster buruan zerbaitez eman baitzidaten, eta berriro egin berri nuen zuloan erori bainintzen. Eman zidaten kolpea zela eta nekearen poderioz, lo sakonean hartu nuen atseden. Amets egin nuen.

...(...V. urtea. Jakintza berrien gailentzea. Proportzio planuen teoriaren arabera ulertzen da unibertsoa. Unibertsoa, bertako planeta-kate eta erakartze prozesuak, masa enzefalikoa dira. Hobe esan, neurona batean bizi gara, eta unibertsoaren explosio/inplosio teoria zuzena zen, gure unibertso-organismo biziduna den neuronaren explosioa bere ideien arteko loturak gauzatzeari baitagokio (gazte denboran), eta inplosioa berriz ahazturari edo oroimen galtzeari (neuronaren zahartzaroan). Gure eguzki sistemak inplosionatze prozesuan sorturiko masaren leherketa batek zulo beltz bat osa dezake, zeina galduriko oroitzapen bat den, inguruan, berarekin erlazionaturiko oroitzapenak erakartzen dituelarik, hasierako oroitzapen galdu harekin batera, erlazionaturiko beste oroitzapenak inkonstzientera garraiatuaz, konstzientziaren oroimenetik at.

Guk geuk ere barnean unibertsoak nabari ditzakegu. Gurea bezalako mundu bat da edonoren barnean alzheimerra sortzearen arrazoi edo iturria. Erabat deuseztaezinak diren izakitxoak agertzen dira izate ordenatu eta zuzenean, eta irrazionalitatearen eta absurduaren munduari existentzia ematen diote, arrazoiaren eta inoiz okertzen ez diren kalkulu zehatzen mundu batean.

Beraz, gutariko bakoitzak nahiago du, berauk gain-mailako unibertso-izakiari sorturiko alzheimerrean existentziaren barne minaren gozamena nabaritu (bizi), baina era berean ez du bere buruarendako alzheimerrik nahi. Ez du nahi bera bizi den unibertsorik bere barruan, ez du bere burua bereak diren muinetan nabaritzerik nahi (ez du izatearen pisu eta sufrimenturik nahi). Amen... ...)...

Ezintasun sentsazio batez esnatu nintzen. Kolpearen ondorengo ametsean, guztia uler nezakeela eta jakintza oro neuregan nuela egin nuen amets, eta ezagutzeko jada ezer ez zela gelditzen.

Neuk nahi gabe, sator izatetik gizaki izatera iragana nintzen. Zuhaitz baten itzalean eseririk topatu nuen neure burua, lurrean sagar bat ikus zitekeelarik, ondoan, ni esnatzera itxaroten bezala. Sagarra izango zen akaso buruan jo ninduen objetua.

Horrela begira ari nintzaiola, zenbait ideiek nire muinei erasotzeari ekin zioten. Sagarra lurrera erortzeari arrazoi bidezko esplikazio bat eman niezaiokeela iruditzen zitzaidan, momentua deskubrimentu hortarakoxe egina balitz bezala.

Baina nire iraganeko sator izatearen indarrez, izaniko ametsa gogoratu nuen, eta amets gogaikarri hura egi bihur zedin eman beharreko lehen pausua ematear nengoelako sentsazioa izan nuen. Beraz, sagarra hartu, galtzen aurka igurtziz garbitu, eta tabernarako bidean jan nuen, harrapatzear nengoen mozkorrean pentsatzen, ideia zientifikoak uxatuz.

Sagarraren murtxikina belar artera botaaz, tabernako atea iragatear nengoen, ardo zozoari lehen tragua emateko desiran. Atea iragan bezain laster baina, inurri bihurtu nintzen. Azken bi izate aldaketak neuk ez nahirik eginak ziren, eta hori ez zitzaidan batere atsegin. Harridurak jota, gelditu egin nintzen. Atzean nuen inurria, orduan, garraisi batean hasi zitzaidan ea mugituko ote nintzen edo zer egiteko asmoa nuen, bere lan-arteko tragu bakarraren bidean oztopo bat bainintzen. Ilada batean nengoela konturatu nintzen deblauki. Iladaren bidetik irten, eta non ote geunden galdetzeari ekin nion inguruko inurrien artean. Guztiek “Tontokeririk ez niri, eh?!”, “Hori ez duk galdetu ere egiten!”, eta horrelakoekin erantzuten zidaten, eta mesfidantza tonuan nabaritzen zitzaien eurek ere ez zekitela benetan non ziren, baina lotsagarri egiten zitzaiela onartzea.

Halako batean, tipo buru-haundi bat etorri eta “Hi, iladara!” zakar batekin eta leunagoa ez zen bultzada baten laguntzaz, iladan sartu ninduen berriz, bertan nire ostean gelditu zirenen kexurako. “Ixo!” eta denak ixilik. Zakarkeri honek sator izatean edukiriko ametsaren osteko sentsazio bera ekartarazi zidala eta, ohartzen hasi nintzen nire gizaki izateko ezagutza edo deskubrimentu zientifikoa gabe ere, ametsa egi bihurtzeko bidean zihoala.

Izan ere, zer ezberdintasun ote dago galdera ororen erantzuna jakitearen eta galderak egiteko ahalbiderik ez izatearen artean?"

Stn

No hay comentarios: